Kasuaren laburpena

Gau hartan zer gertatu zen, prozesuak nola egin duen aurrera eta zergatik jarraitzen dugun egia, justizia eta erreparazioa eskatzen.

Kerman ez zen hil;hil egin zuten

Kerman Villate Beitiak 31 urte zituen. 2025eko otsailaren 23ko goizaldean, Gasteizko Mitika diskotekako atezain batek muturreko indarkeriaz jo zuen. Eraso horren ondorioz, berehala hil zen.

Kerman maite genuenok haren heriotza berme guztiekin ikertu eta epaitzea eskatzen dugu, baita dagozkion erantzukizun guztiak argitzea eta eskatzea ere.

Zer gertatu zen gau hartan

Kerman Mitikako sarbide-kontrolera iritsi zen bere lagunekin batera. Haiei Dendarabako hallera sartzen utzi zieten bitartean, Kermani sarrera ukatu zioten. Lagunak egoera konpontzen saiatu ziren. Minutu batzuk geroago, Kermani laster sartuko zela esan zioten, eta lagunek lokalera jaistea erabaki zuten.

Irudiek erakusten dute Kerman lasai zain geratu zela, eta inguruan zeuden ezagun batzuekin hizketan ari zela ikus daiteke. Ez da inolako jarrera oldarkorrik edo tentsio-egoerarik antzematen, ez Kermanen aldetik, ezta inguruan zegoen inoren aldetik ere.

Erasoa gertatu baino minutu bat baino gutxiago lehenago, atezainen taldeko arduraduna lokaletik atera eta bere gizonak bildu zituen. Instrukzioko epailearen autoak jasotzen duen bezala, bi keinu egin zituen masailezurraren aldea modu nabarmenean seinalatuz, ondoren Kermani erasoko zion atezainari begira. Hark, erantzun gisa, kolpe bat emateko keinua egin zuen bere aurpegiko leku berean eta buruarekin baiezkoa adierazi zuen.

30 segundo geroago, eta ikusmen-estalki gisa balio zioten bi pertsonaren sarrera aprobetxatuz, erasotzaileak, hitzik esan gabe, eztabaidarik gabe eta inolako aurretiazko harremanik izan gabe, muturreko indarkeriaz jo zuen Kerman; kolpe hark haren heriotza eragin zuen. Erasoa ustekabean egin zen, traizioz, itxurazko arrazoirik gabe, eta Kermanek ez zuen erasoa jasoko zuenik susmatzeko aukerarik izan. Erasoaren ondoren, erasotzailea axolagabe itzuli zen lokalaren barrura, hoztasun osoz.

Instrukzioan jasotakoa

Gasteizko 3. Instrukzio Epaitegiak behin-behineko espetxealdia agindu zuen ikertutako atezainarentzat, eraso hilgarria gertatu eta bi egunera.

2025eko irailaren 30eko ebazpenean, instrukzioko epaileak, gertakarien larritasunari buruzko zantzu sendoak ikusita, kasua Herri Epaimahai batek epaitu behar zuela erabaki zuen, balizko hilketa edo nahita egindako homizidio delitu gisa, horrelako kasuetan dagokion bezala. Horretarako, besteak beste, erasotzailearen kalte egiteko gaitasuna, eraso egiteko hautatutako gorputz-atala, exekuzio-modua, aurretiazko liskarrik eza eta erasoaren ondorengo jokabidea baloratu zituen, ustekabeko alebosiaren zantzuak zeudela iritzita.

Auzitegiko forensearen txostenak kolpearen muturreko indarkeria jasotzen du. Erasotzaileak Kermani zuzenean emandako kolpeak bi masailezurrak hautsi zizkion, eta gutxi gorabehera 1,5 zentimetroko hezur-zati bat askatu zion, mihiaren oinarrian sartuta geratu zena.

Ibilbide judizialaren aldaketa

2025eko azaroaren 26an, Arabako Probintzia Auzitegiak kasua hasieratik ikertu zuen epailearen erabakia baliogabetu zuen.

Harrigarria badirudi ere, Fiskaltzak instrukzioko epailearen erabakiaren aurka egin zuen, frogak larriki desitxuratuz eta erasotzailearen bertsioari sinesgarritasuna emanez; izan ere, ikerketan zehar bai epaileak bai Kriminalistikako Poliziak frogatu zuten haren kontakizuna dokumentatutako gertakariekin bateraezina zela. Probintzia Auzitegiak kontakizun hori bere egin zuen, arduragabekeriazko homizidioa eta nahita egindako lesioak leporatu zizkion gertakarien larritasuna jaitsiz, eta erasotzailea behin-behinean aske uztea, 6.000 euroko fidantza soilik ordainduta, erabaki zuen; horrela, ez zen delitu-kalifikaziorik larrienen arabera epaituko.

Gure ustez, jarduera hori ez dator bat gertatutakoaren larritasunarekin eta biktimarekiko, haren senideekiko eta gizarte osoarekiko mespretxu sakona erakusten du. Doloa eta alebosia prozesuaren tarteko fasean presaz baztertzean, Arabako Probintzia Auzitegiak epaiketan, berme guztiekin, hartu behar ziren erabakiak aurreratu zituen, eta kasua dagokion Herri Epaimahaiak osorik epaitzea eragotzi zuen.

Familiak erabaki horren aurka errekurtsoa aurkeztu zuen, baina 2026ko apirilaren 30ean, Auzitegi Gorenak jakinarazi zuen ez zuela onartzen arrazoi formal huts batengatik. Hau da, Auzitegi Gorenak ez zituen frogak aztertu eta ez zuen gertakariak nola kalifikatu behar ziren erabaki.

Elkartetik herritarrei prozesuan izan diren irregulartasunen berri eman eta bide egokira itzultzen saiatzen gara.

Aurreko ohartarazpenak eta erakundeen erantzuna

Kerman hil aurretik baziren jada lokaleko sarreran porteroek indarkeriaz eragindako erasoak eta ohartarazpenak. Gertatutakoaren ondoren, familiak argitu nahi izan zuen administrazioak zer zekien, zer neurri hartu ziren eta erantzukizunik ba ote zegoen.

2026ko maiatzaren 25ean, Arartekoak Gasteizko Udalari gomendatu zion salaketari berariaz, arrazoituta eta osorik erantzuteko, eta prebentziozko kontrola indartzeko, aisialdiko lokalen segurtasun-baldintzak betetzen direla bermatzeko.

Instituzioetatik jasotako erantzuna ez dela nahikoa iruditzen zaigu. Aurretiazko ohartarazpenak argitzea, egindako jarduketak berrikustea eta antzeko zerbait berriro gerta ez dadin neurriak hartzea lortzeko lanean ari gara.

Funtsezko kronologia

2024ko maiatza

Mitikako sarbidean porteroek eragindako indarkeriazko erasoak eta ohartarazpenak jasota daude. Haien benetako irismena argitzea eskatzen jarraitzen dugu.

2025eko otsailaren 23tik 25era

Kerman otsailaren 23an hil zen jasotako kolpearen ondorioz. Bi egun geroago, epaitegiak ikertutako atezainaren behin-behineko espetxealdia agindu zuen.

2025eko irailaren 30a

Instrukzioko epaileak Herri Epaimahaiaren aurrean hilketa edo nahita egindako homizidioagatik epaitzeko zantzuak zeudela iritzi zuen.

2025eko azaroaren 26a

Fiskalaren errekurtsoa onartuta, Probintzia Auzitegiak prozedura eta behin-behineko kalifikazioa aldatu zituen, instrukzioan egindako ikerketaren ondorioei bizkarra emanez, eta erasotzailea fidantzapean aske uztea erabaki zuen.

2026ko urtarrila

Familiak Probintzia Auzitegiaren erabakiaren aurkako errekurtsoa aurkeztu zuen Auzitegi Gorenean.

2026ko otsailaren 18a

Kermanen gurasoek agerraldia egin zuten Eusko Legebiltzarrean, berme guztiekin egingo zen epaiketa eta prebentzio-neurriak eskatzeko.

2026ko apirilaren 30a

Auzitegi Gorenak errekurtsoa ez onartzea erabaki zuen, auziaren funtsa aztertu gabe.

2026ko maiatzaren 25a

Arartekoak Udalari ohartarazi zion lokalaren sarreran behin eta berriz gertatutako indarkeriazko erasoen aurrean modu proaktiboagoan jardun behar zuela, eta bi gomendio egin zizkion: familiak aurkeztutako salaketari arrazoitutako erantzuna ematea eta prebentziozko kontrolak indartzea, halako egoerak berriro gerta ez daitezen.

2026ko ekaina

Egia Kermanentzat Elkartea aurkeztu genuen, eta kasuaren kontakizuna, ibilbidea eta gure lan-ildoak jendaurrean azaldu genituen.

2026ko uztailaren 8a

Udaleko Segurtasun Batzordearen aurrean azaldu genuen Udalaren erantzunari eta Arartekoaren gomendioen betetze-mailari buruzko gure balorazioa. Udalak ez ditu bete Arartekoaren gomendioak eta familiari prozesu judizialerako garrantzi handikoa izan daitekeen informazioa ukatu dio.

Analitika onartu edo baztertu dezakezu. Webgunearen beharrezko funtzioak beti daude aktibatuta.